NORMALKUNTZA
Hezkuntza komunitatean euskararen erabilera eta kalitatea indartzeaz arduratzen den programa da. Hori aurrera eramateko, Ulibarri programan sartuta gaude 2011-12 ikasturteaz geroztik, hura baita euskara berariaz babesteko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak sortua duen programa: haiengandik aholkularitza, baliabide-teknikoak, giza-baliabideak eta diru-laguntzak jasotzen ditugu.
Hala, hiru eremutan oinarritzen dugu gure jarduna: eremu intstituzionala (Ikastetxearen antolamendua, normalizazioa sustatzeko erabakiak, kanpoko eragileekin harremanetarako hizkuntza irizpideak eta hizkuntza irizpideak ikastetxearen eremu digitalean), eskolako kideak eta eremu didaktiko-metodologikoa (ikasleak, irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak) eta familiak eta komunitatea.
Lau urtez behin, Eguzkitza BHIko hezkuntza-komunitatearen euskararen erabileraren inguruko diagnostikoa egiten dugu, eta emaitzen hausnarketatik hurrengo lau urteei begirako ildoak markatzen ditugu, eta horiek urteroko planean zehazten ditugu, modu mailakatuan.